Edukira joan

Swahili kostaldea

Swahili kostaldea
Motakokaleku geografikoa
Geografia
Mapa
Koordenatuak9°S 39°E / 9°S 39°E / -9; 39

Swahili kostaldea (swahiliz: Pwani ya Waswahili), espainiar eta frantziar historiografian Zanguebar deitua, Indiako ozeanoak inguratzen duen ekialdeko Afrikako kostalde-eskualdea da, swahilien bizitokia da. Bertoko hiri nagusiak Sofala (Mozambiken); Mombasa, Gede, Pate uhartea, Lamu eta Malindi (Kenyan); eta Dar es Salaam eta Kilwa (Tanzanian) dira.[1] Gainera, kostaldeko uharte batzuk, tartean Zanzibar eta Komoreak, kostaldearen parte dira.

Zanguebar edo zanjen kostaldea, latinez Zingium deitua, gaur egun Mozambikeko ipar-ekialdeko muturraren (makonde herriaren kostaldea), egungo Tanzaniako kostaldearen eta uharteen, Kenyako kostaldearen eta Somaliako kostaldearen (Juba ibaiaren hegoaldean) artean banatuta dagoen Ekialdeko Afrikako kostaldearen antzinako izendapenen zati da. Gaur egun eskualdean erabiltzen den lingua franca dela eta, batzuetan Swahili kostaldea ere deitzen zaio. Zehatzago esanda, eremu hori Indiako ozeanoan zehar dagoen Afrikako kostaldea da, iparraldean Ajan eta hegoaldean Malindi artean dagoen kostaldea, edo, bestela esanda, 5 ° N eta 11 ° S artean dagoena. Arabiar historiografian erabiltzen zuten zanj toponimo primitiboa eskualde horretako izen lokal batena da, arabieraz eta suajiliz. Zingium izen europarra arabierara transliteratutako zang (beltzen lurraldea) terminoaren latinizazioa izan zen,[2][3] eta Zanguebar izenak, berriz, Zanzibarko sultanerriari zegozkion kostaldeak adierazi zituen, gaur egun erabiltzen ez diren izenak, nahiz eta Zanzibar uharteak bere horretan jarraitzen duen.

Kostalde hau swahili kulturaren tipikoa da, mendeetan zehar Omango Sultanerriaren menpean egon dena eta Muqdisho, Malindi, Zanzibar, Kilwa eta abarreko estatu txikiek bereizi dutena.

Swahili kostaldea gutxi gorabehera VIII. mendean sortu zen nozio geografiko gisa, Ekialde Ertainaren eta ekialdeko Afrikaren artean itsas korridore komertzial bat ezarri zenean. Zirkuitu komertzial horretatik, "Swahili korridorea" deituak, afrikar kontinentetik esklaboak, urrea, bolia, diamanteak, errinozero adarrak, larruak, korala, lumak eta abar ateratzen zituzten.[4] IX. mendetik X. mendera arabiarren presentzia areagotu zen, eta horrek eragin kultural handia utzi du, batez ere erlijioari eta hizkuntzari dagokienez. XVI. mendean portugaldarrek arabiarrak lekuz aldatu zituzten. XVIII. mendearen bigarren erdian, kostaldea Maskateko Emirerriak kontrolatu zuen, eta domeinu horrekin afrikar esklaboen trafikoa areagotu zen. 1840an Sayyid Said sultanak bere hiriburua Zanzibarrera eraman zuen, ondoren lurralde honen gaineko boterea Zanzibarko sultanerrira pasa zen, XIX. mendearen amaieran kostaldea alemaniar eta britainiar inperio kolonialen artean banatu zuten arte. Alemaniarrek hegoaldeko sektorea (Tanganikako kostaldea) eta ingelesek Zanzibar uhartedia eta Zanguebar iparraldeko sektorea (egungo Kenyako kostaldea) bereganatu zituzten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Kemezis, K., 2010. East African City States (1000-1500). Blackpast.org. Available at: <https://www.blackpast.org/global-african-history/east-african-city-states/>
  2. Felix A. Chami, "Kaole and the Swahili World," in Southern Africa and the Swahili World (2002), 6.
  3. A. Lodhi (2000), Oriental influences in Swahili: a study in language and culture contacts,ISBN 978-9173463775, pp. 72-84
  4. Berger, Eugene, et al. World History: Cultures, States, and Societies to 1500. University of North Georgia Press, 2016.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]